XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Natura fisikoa aztertu ahal izateko, mundu makroskopiko, eta bertan dauden objektu, beraien arteko elkarrekintza eta pairatzen duten energiei buruzko kontsiderazioez gain, itzelezko garrantzia du materiaren funtsezko osagaien ulerkuntzak.

Hau dela eta, materiaren analisi mikroskopikoari ekingo diogu.

Molekulak aztertzen hasiko gara, maila honetan, materiaren oinarrizko osagaiak bait dira.

Era esperimentalean frogatua izan da, ezen, materia, bere hiru fasetan solidoa, likidoa eta gaseosoa etengabeko agitazio-egoeran dauden molekulek eraturik dagoela.

Aipaturiko molekulak, substantzia berbererako, masa, egitura eta gainerako propietate berekoak ditugu, tamainuak, milimetroaren hamar milioirenaren eta bilioienaren artekoak direlarik.

Elkar loturik daude, molekularteko indarra deiturikoaren bidez, funtsean izaera elektrostatikoa duena, bai gorputzen konpresioari zein zabalkuntzari aurka egiten dielarik.

Molekulak Molekulak, nukleoak (neutroi eta protoiduna) eta azalak (elektroiak daudenekoa) osoturiko atomoez eraturik daude.

Gorputz solido eta likidoetan azalduriko molekulen higidurak motel samarrak dira, duten energia zinetikoa txikia bait da; hala ere, molekulen arteko elkarrekintza intentsitate handikoa dugu.

Aitzitik, gasei dagokien kasuan, molekularteko indarrek ez dute aparteko eraginik, zeren, beraien arteko banapena dela medio, elkarrekintzak oso ahulak bait dira.

Molekulen existentziarako froga klasikoen artean, higidura browndarra deritzona aurki dezakegu, materiaren egitura A. Einstein-en lanak burutuak izan arte azalpen egokirik ukan ez zuelarik.

Aipaturiko higidura, partikula mikroskopikoen (baina ikuskorrak) gainean aire-molekulek eginiko talken ondorioa dugu, itxuraz ziorik gabeko zorizko higidura ematen dietelarik.

Atomoak Atomoak, jatorri ezberdineko atomoarteko indarrez elkar loturik daude, azaleko elektroien arteko elkarrekintzak nagusiak diren arren.

Atomoak, propietate kimikoak gordetzen dituen elementu baten frakziorik txikienak dira.

Duten tamainua, molekularik txikienen antzekoa da, gaur egun, mikroskopio elektronikoen laguntzaz fotografiatuak izan direlarik.

Atomoaren egituran bi parte bereiz daitezke.

Alde batetik, eskualde zentrala dugu (beronen diametroa atomoarena berarena baino 10.000 aldiz txikiagoa da), non protoiak eta neutroiak dauden (hidrogeno atomoan izan ezik, protoi bat baino ez dagoenekoa), biek oso masa antzekoa dutelarik.

Kargari dagokionez, neutroiak ez du, eta protoia karga-unitate batez kargaturik dago.

Bestalde, nukleoaren inguruan elektroiak daude; partikula hauek unitate negatibo bateko karga dute, masa, protoiarena baino 1.836 aldiz txikiagoa delarik.

1. Materiaren egiturak eta mundu fisikoaren konposaketak kezka handia sorterazi zuten aintzinateko pentsalariengan, berauek teoria batzu proposatu zituztelarik, hala nola, lau elementuei dagokiena (lurra, airea, ura eta sua), aintzinako irudi honetan era sinbolikoan adierazitakoa.

2. Materiaren egiturarako proposaturiko lehen eredu zientifikoa, irudian ikus daitekeen sistema izan zen, erdian nukleo batez (protoiez eta neutroiez osoturikoa) eta beronen inguruan orbitatzen ari diren elektroiez eraturikoa.

Nukleoa / Nukleoa.